domingo, 30 de enero de 2011

Azken datuen arabera, 792 milioi lagunek pairatzen du munduan gose kronikoa. Horrek ez du esan nahi ia 800 milioi pertsona goseak hiltzeko arriskuan daudenik. Ongi elikatuta bizitzeko, pertsona bakoitzak egunero 1.710 -1.960 kilokaloria behar ditu eta hori baino 400 kilokaloria gutxiagorekin bizi den oro gose kronikoa pasatzen dutenen kategorian sartzen da. 

Horrela ikusita ez dirudi alde handia dagoenik bi egoera horien artean, baina egon badago, egunero-egunero nahita ez behar baino gutxiago jateak osasun-arazoak sortzen baititu. Gose kronikoak garapen intelektuala oztopatu du, produktibitatea murriztu du eta osasuna ahultzen du. Bi datu: egunero 20.000 lagun hiltzen dira gosearekin erlazionatutako gaitzen ondorioz; goseak eta oinarrizko konposatuen urritasunak umeek ikasteko duten gaitasuna
% 10 murrizten dute. Hau da, gose kronikoak ez dio ez norbanakoari ez taldeari duten gaitasun guztia garatzen uzten.  



Garapen bidean dauden herrialdeetako behartsuentzat, gosearekin erlazionatutako gaixotasunak karga handia dira familiarentzat, eta horri guztiari hiesa gehitu behar zaio askotan. Izan ere, hiesak jotako senideek ezin izaten dute nekazaritzan lan egin, eta, gainera, besteek baino dieta aberatsagoa behar dute. Egoerak, horrela, okerrera egiten du. Kasu hori oso ohikoa da Saharaz hegoaldeko Afrikan, non 1987. urtetik 7 bat milioi nekazari hiesak jota hil diren. Leku askotan, elikaduraren oinarria bertan ekoitzitako elikagaiak izaten dira eta, beraz, hiesaren eragina handia da, bai produkzioan baita kontsumoan ere. Kontuan hartu gose kronikoa pairatzen dutenen hiru laurden nekazaritza-eskualdeetan bizi direla. 




Hala, bada, munduko zazpi biztanletik bat behar adina janari eskuratu ezinik dabil. Kopuruz gehiago dira Asian, baina ehunekotan Afrikak bizi du, dudarik gabe, egoera larriena. Okerren dauden 23 herrialdeetatik 18 Afrikan daude. Beste bostak Afganistan, Bangladesh, Haiti, Mongolia eta Ipar Korea dira.

Badakizue, platerak GARBI- GARBI utzi behar dira!! ;)
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario